martes, 17 de abril de 2018

"ALTSASU, GAUAREN MUTURRERAINOKO BIDAIA", GAUR GAUEAN ETB1en

Altsasu, gauaren muturrerainoko bidaia erreportajea izango da ikusgai gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en. Altsasuko zortzi gazteen epaiketaren bezperan, Altsasura joan zen dokumentalaren lantaldea. Historia guztiek bi alde dituztenez, historia bera kontatzeko eta interpretatzeko modu ezberdinak daudenez, bi aldeekin elkartu dira: gazteen senideekin eta Euskal Herrian lan egiten duten bi guardia zibilekin. Halaber, ondoren, Saioa Martijak aurkezten duen 'Ahoz Aho+' saioak Altsasuko auzia izango du hizpide.
Batetik, Altsasun lan egin duen guardia zibil batekin egon dira. Zauritutako tenientearekin eta sarjentuarekin egon zen istilua izan zen gauaren biharamunean, ospitalean. Haiekin bizi izandakoa eta haiek kontatutakoa azaldu die, eta baita bere esperientzia ere. Altsasun guardia zibilekiko gorrotoa sentitu ote duen eta gazteek, bere ustez, fiskalak eskaturiko zigorra merezi duten.
Euskadin lan egiten duen beste guardia zibil bat ere ezagutu dute. Bere bizipenak kontatu dizkie, eta egunerokoan Euskal Herrian guardia zibil izatea zer den jakingo dugu horren eskutik.
Bestetik, Adur Ramirez de Alda gaztearen senideekin egon ziren, 50 urteko kartzela-zigorra eskatzen du fiskalak horrentzat.
Horrez gain, errealitatea nolakoa den eta bizilagunek zer pentsatzen duten jakin nahian, Altsasura joan dira; bertako harategi batera, okindegira, tabernetara... Herriaren erradiografia bat egin dute horrela. Altsasuko alkatearekin ere egon dira. Horren esanetan, hau ez da ez zuri ez beltz, ez da terrorismoa, baina ezta taberna batean egon den liskar arrunt bat ere.
Amaitzeko, alor judizialari erreparatu diote, epaiketan 12 eta 62 urte bitarteko kartzela-zigor eskaerak daude mahai gainean. Horretarako, esparru hori lantzeko, Amaia Izko gazteen abokatuarekin, Fernando J. Perez El País egunkariko kazetariarekin eta Manuel Cancio Zigor Kodean katedradun eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Zuzenbide irakaslearekin.
Beraz, Altsasuko errealitatea, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

No hay comentarios:

Publicar un comentario